Pobreziaren aurkako Nazioarteko Egunaren karietara
Pobreziaren aurkako Nazioarteko Egunaren karietara (Urriak 17) ekintzak eta mobilizazioak antolatu ditugun taldeok kolore eta zapore ukitu bat eman nahi diogu egun horri. Horretarako, poztuko ginateke lagunduko bazenigute urriaren 17an, Areatzan, 17:00etatik 19:00etara bitartean testu batzuk irakurtzen (Galeano, Benedetti, Richmann, Marcela Lagarde…)
Zergatik egun hori?
Urriak 17, Pobreziaren aurkako Nazioarteko Eguna
1987ko urriaren 17an, ATD Quart Monde pobreziaren aurkako mugimenduak deiturik, 100.000 lagun bildu ziren Parisko Trocaderoko atarian, gosearen, indarkeriaren eta jakinezaren biktimak ohoratzeko, pobrezia eta gizarte bazterkeria gaitzesteko eta Giza Eskubideen alde borrokatzeko deia egiteko gizadia osoari. Deialdi hori plaka batean markatu zen eta plaka hori gero Giza Eskubide eta Askatasunen atarian jarri, hain zuzen ere 1948an Giza eskubideen Adierazpen Unibertsala sinatu zen tokian.
Geroztik, urte guztietako urriaren 17an, pertsona baztertuak eta miseria eta bazterketa borrokatu nahi dituzten jende eta mugimendu guztiak elkarrekin biltzen dira mundu osoan, irmo aldarrikatzeko beren konpromisoa pertsona guztien duintasun eta askatasunaren alde. Horrelaxe sortu zen “Miseriaren aurkako nazioarteko Eguna”. 1992ko abenduaren 22an Nazio Batuen Batzar Nagusiak POBREZIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA izendatu zuen urriaren 17a. Geroztik mundu osoan ugaritzen ari dira egun hori ospatzeko ekimenak.
Zer egin dugu aurreko urteetan?
Hemen gauden sareok urte asko daramatzagu lanean Euskadiko gizarteari ulertarazi nahian zeinen garrantzitsua den sistemaren bidez bermaturik izatea bizimodu duina, lana, prestazio sozialak, oinarrizko eskubideak, e.a. Eta lan hori urte guztian zehar egiten badugu ere, 2006tik hona elkarrekin koordinatzen gara gogoratzeko urriaren 17a ez dela ospakizun eguna, baizik errebindikazio eguna, pertsona guztiok duintasunez bizitzeko behar ditugun funtsezko eskubide sozialak errebindikatzeko eta baita ere gogoratzeko pobrezia gero eta gehiago zabaltzen ari dela herritarren artean.
Eredu sozial, ekonomiko eta politiko berri bat behar dugu, euskal gizartean pertsona batzuk (gero eta gehiago) pobrezia-atalasearen azpian daudelako, ezin dutelako lortu etxebizitzarik, ezin dutelako beste pertsona guztiak bezala gizartean parte hartu, oinarrizko gizarte babeseko eskubideak mozten dizkietelako… labur esanda, ongizate estatua murrizten ari direlako, eta ezin dugu halakorik onartu.
Ikus hemen gure bideoa: http://youtu.be/HSjyBMqEwyI
Zer egin nahi dugu aurten?
Kolorea eta zaporea eman nahi diogu egun horri eta horretarako lagun hartuko ditugu hainbat idazle eta idazki: Galeano, Benedetti, Marcela Lagarde, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala…
Eta horretarako zure laguntza nahi dugu. Gure asmoa da Bilboko Areatzan egotea urriaren 17an, 17:00etatik 19:00etara, testuak etengabe irakurtzen, ondoren manifestazioa egitea Moyuaraino, berriro itzuli AREATZARA eta han manifestu bat irakurtzea (erantsita doan pdf-a)
Zatoz gurekin! Poz handia hartuko genuke lagunduko bazenigu!
