BILBOKO UDALAK IPARRA-HEGOA SARIA BILBOKO ESKOLAPIOEN IKASTETXEARI EMAN DIO
Bilboko Udalak Eskolapioen ikastetxeari eman dio aurtengo Iparra-Hegoa saria, elkartasuna sustatzeko hezkuntzaren arloan egin duen ibilbide oparoagatik. Era berean, Itaka Fundazioaren lana ere saritu du eta sariaren dotazio ekonomikoaren erdia jasoko du.
Iparra-Hegoa Sarien helburua da, balioetan oinarritutako hezkuntzarekin, batik bat elkartasunaren eta giza eskubideen defentsaren esparruan, konpromisoa duten ikastetxeen ekimena aintzat hartzea; hezkuntza arloko jarduera solidarioak garatzea eskoletan, bidezkoagoa izango den gizartea eraikitzeko eta kultura parte-hartzailea, solidarioa eta herritarren konpromisoa duena sendotzea eta zabaltzea.
Horiek horrela, Bilboko Udalak ematen duen Iparra-Hegoa Sarietako Eskola Solidarioen modalitateko epaimahaiaren ustez, hirugarren edizioko oinarrietan ezarritako irizpideak eta balioak ondoen betetzen dituena Eskolapioen ikastetxeak eta Itaka Fundazioak aurkeztu duten proposamena da, arrazoi hauengatik: ikastetxearen ibilbide luzea; Iparra-Hegoa arrakala edo zuloa gainditzeko jarduerak diseinatzeko, bultzatzeko eta gauzatzeko orduan, eskola-komunitate osoaren inplikazioa; eta, azkenik, ekintza horiek herritarrengan duten eragina eta norainokoa.
Bilboko Eskolapioen ikastetxea hezkuntza zentro kristaua, itunpekoa eta eleaniztuna, eta hogeita hamar urte baino gehiago dira lehenengo kanpaina solidarioak egin zituenetik. 1985ean Itaka Elkartearen sorrera sustatu zuen, hezkuntza mundua aldatzeko tresna zela sinestuta, eta duela 12 urte elkarte hura Fundazio bihurtu zen.
Ordutik, Eskolapioek eta Itaka Fundazioak, solidaritate-kanpaina bi burutzen dituzte urtero-urtero, Hegoko herrien aldekoa bat eta Bilbon egoera txarrenean dauden taldeen aldekoa bestea. Iparra-Hegoa saria 3.000 eurokoa da, erdibana egingo dutena Eskolapioen eta Itaka Fundazioaren artean.
